TOPAKETEN LEHEN BALORAZIOA eta ONDORIO NAGUSIAK
2008ko Maiatzak 12.

Lehenik eta behin eHgk-tik oso positiboki baloratzen dugu gazteen aldetik deialdiak jaso duen erantzuna, izan ere, 170 gazte inguruk parte hartu baikenuen egun osoko egitarauan.
Parte hartze horren balorazio kualitatiboa eginez gero, oso positiboki baloratu ditugun bi elementu daude ere. Batetik, kolore ezberdinetako norbanako, talde edo elkarteek hartu dute parte topaketa hauetan, San Franziskoko Auzo Etxea gazteriaren aniztasunaren topaleku bilakatuz. Bestetik, Euskal Herriko lurralde guztietatik etorritako gazteak bildu izana azpimarragarria iruditzen zaigu ere.
Balorazio negatiboagoa egiten dugu parte hartzearen gaineko genero azterketa eginez gero. Izan ere, emakumezko parte hartzaile kopurua gizonezkoena baino baxuagoa izan baita. Horri, gizarte honetan ematen diren parte hartze ereduen ondorio deritzogu, eta aurrerantzean, eremu guztietan emakume gazteen parte hartzea sustatzeko beharra agerian ikusi dugu beste behin ere.
Edukiei dagokienean, goiz da oraindik bertan jasotako datu, ideia eta proposamen guztien gaineko balorazioan sakontzeko. Adierazi nahi dugu, horiek jaso ditugula eta une hauetan jasotako akta eta material ezberdinen azterketan dihardugula. Horietatik atera daitezkeen proiektuak edota eraiki daitezkeen tresnak ezagutzeko aukerarik izango dugu aurrerantzean.
Eguneko saio ezberdinetan mahai-gaineratu diren ideia eta beharrak jaso, eta horiei erantzun eta bide emateko artikulatu beharreko tresna eta bitartekoak sortzeko borondatea eta konpromisoa adierazi nahi dugu Euskal Herriko Gazteriaren Kontseilutik.
Bide honetan, topaketetan etxebizitza eskubidearen alde eraiki ditugun harreman sareak trinkotu eta elikatzen jarraitzeko beharrari erantzuna emango diogu. Horrekin batera, arratsaldeko saioan etxebizitza gaiaren inguruan lan egiten duten talde ezberdinek eginiko eskaerari bide eman nahi diogu. Zehazki, etxebizitza eskubidearen aldeko indarren elkargune izango den webgune bat eraikitzearen eskaerari erantzuna eman nahi diogu datozen asteetan.
Azaldu nahi dugu ere, eHgk-k hartzen dituen konpromisoak, gazte guztion konpromisoak izan behar direla. Guztion elkarlanak egiten baikaitu indartsu. Guztiok gara eHgk. Bilbon abiatu dugun bideak, izango du aurrerantzean ziur, geldiune esanguratsurik; bertan ikusiko gara!
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu antolaketa lanetan bolondres aritu zareten gazte horiei guztiei, baita San Franzisko Auzo Etxeko langileei ere, gurekin izan duzuen jarrera eskuzabalagatik.
Euskal Herriko Gazteriaren Kontseilua (eHgk)









EUSKAL HERRIKO GAZTERIAREN KONTSEILUA |